Derandein Fundazioan Afrikako erakundeekin egiten dugu lan iraunkorrak diren proiektuak gauzatuz. Hauen bidez, nazioarteko lankidetzaren bitartez batzuetan sortzen diren mendekotasunak sahiesten saiatzen gara. 2022an Sumawe Eskola Baratzea martxan jartzea lortu genuen Mwema Street Children Center Karatu (MSCCK) tokiko kontrapartearekin batera. Erakunde honek, kalean bizi diren eta kalean lan egiten duten umeekin egiten du lan, Tanzaniako Karatu hirian.
Sumawe Eskola Baratzak oso eragin positiboa izan zuen kaleko haurren bizitzan eta baita MSCCK erakundean: baratzea martxan jarri zen eta hainbat produktu ekologiko ekoiztea lortu zen, hala nola tomateak, aza kizkurra edo bok choy-a. Produktu hauek, alde batetik, tokiko merkatuan saltzen ari dira erakunderako diru-sarrera moduan eta bestetik, MSCCK-ak lan egiten duen umeen dietan sartu dira, elikadura osasuntsu eta seguru bat bermatuz. Horrela, erakundeak diru-sarrera gehiago lortzeaz gain, dirua aurreztea lortu du elikagai batzuen erosketan gastuak murriztuz. Horri esker, kaleko umeen kolektiboari arreta integrala bermatzeari (osasun-arloan, hezkuntzan, etab.) lotutako beste arlo batzuetara diru gehiago bideratu ahal izan dute. Gainera, eskola-baratzea martxan jartzeak, MSCCK-ak lantzen duen hezkuntza programan nekazaritza jasangarria edo ingurumena bezalako gaiak sartzeko balio izan zuen.
Produkzio-proiektu jasangarriaren filosofia berarekin jarraituz, azken hilabeteetan, MSCCK erakundea akuikultura jasangarrian oinarritutako proiektu bat gauzatzen hasi da. Karatu inguruan produkzio-proiektu mota hau berritzailea da normalean akuikultura kostaldean edo aintziretan lantzen baita. Proiektu honen bidez, hainbat emaitza desberdin lortuko dira, hala nola, jarduera mota honetarako beharrezkoa den azpiegitura eraikitzea, arrainaren ekoizpen jasangarria eta arraina kaleko haurren dietan sartzea, horrela haien elikadura eta, ondorioz, haien osasun-egoera, hobetuz. Jarduera hau, Sumawe Baratzea bezala, arrainaren salmentaren bidez diru-sarrera osagarriak lortzeko eta tokiko erakundearen elikadura gastuak murrizteko ere baliagarria izango da. Modu horretan, kaleko umeen kolektibo zaurgarriaren ongizatearen aldeko beste ekintza batzuk sustatzeko aukera izango dute ere.
Proiektu hauek hastea eta gauzatzea Kutxa Fundazioaren laguntzari esker posible izan da. MSCCK bezalako erakunde txikiek, egunero lan handia egiten dute populazio zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko eta kasu gehienentan zailtasun handiekin topatzen dira. Eskerrak eman nahi dizkiegu jarduera mota hauek sustatzen dituzten laguntza mota desberdinei, tokiko erakunde txikien iraunkortasuna eta autogestioa bermatzen laguntzen baitute.
Comments