Agur bat izan beharrean, hau laster arte bat izatea espero dut.
Joan den uztailaren 3an, 16 urte bete ziren Derandein Fundazioan gure bidea hasi genuenetik. 2007an Afrikara egin nuen lehen bidaiatik ordura arte emozioz, aurkikuntzaz, ikaskuntzaz, irribarrez eta erronkaz betetako ibilbide bati ekin diogu elkarrekin lanean egiten dugun Afrikako erakundeekin batera.
Merezi izan duen bidaia izan da zalantzarik gabe. Derandeinen lan egiten dugun ingurune desberdinak ezagutzea oso baliagarria izan da guztiok zein hurbil gauden ulertzeko distantzia fisikoa gorabehera. Gure oinarrizko premiak berdinak dira, baina ditugun aukerak ez. Horregatik, Derandeinen, aukera horiek benetakoak izan daitezen, beharrezkoak diren hainbat alderdi landu ditugu Afrikako testuinguru oso zailetan, hala nola, hezkuntza, osasuna, ura eta elikadura.
Derandein Fundazioaren lehendakari gisa bete dudan kargua amaitu da, dena den, ziur nago fundazioa esku onetan utziko dudala, lanerako, dedikaziorako eta motibaziorako gaitasun handia duen profesional-talde batekin; eta beti prest egon diren eta fundazioari balio handia ematen dioten kideak dituen Patronatuarekin.
Eskerrik asko gurekin lan egiten duten tokiko entitate eta emaileei eta laguntzen gaituzten pertsona guztiei, urte hauetan zehar gurekin egoteagatik, fundazioarekin daukazuen lankidetzak beste hainbeste urte iraungo duelakoan.
Agur bero bat,
Kepa Azarloza Goiria
Ingurune pobretuenetara baliabideak lortzeko modua egokitzen, hobetzen eta berritzen jarraituko dugu.
Ohore handia da niretzat Fundazioaren Lehendakaritzaren lekukoa hartzea. 2014tik diruzain gisa Derandein Fundazioarekin izan dudan loturak erakundearen historia eta bilakaera oso gertutik bizitzera eta Saharaz hegoaldeko Afrikako kolektibo eta pertsona behartsuenen alde egindako lanagatik miresmen handia sentitzera eraman nau.
Badakit gaur egun, Afrika bezalako ingurune konplexuetan, non herrialde, eskualde eta komunitate bakoitza, testuinguruen idiosinkrasiengatik, errealitate ezberdina den, proiektuak garatu ahal izateak erronka handiak dakarrela. Lankidetza asko profesionalizatu egin da azken urteotan, eta Derandein Fundazioan moldatzen joan gara, lan egiten dugun tokiko erakunde afrikarrekin dugun konpromisoa betez eta emaileen eta laguntzaileen eskaerei erantzuna emanez.
Bide beretik jarraituko dugu, ingurune pobretuenetara baliabideak lortzeko modua egokitzen, hobetzen eta berritzen, eta aldi berean, gure ingurune hurbilenean beharrezkoa den hausnarketa eta egokitzapena bultzatuz, inpaktu positiboak sortzen dituen garapen iraunkorreko eredu bat sustatzeko asmoz. Horretarako, profesional talde bat dugu, egunero motibazio handiz lan egiten duena gure eginkizuna betetzeko, hau da, pertsona eta herri ahulenen bizi-baldintzak hobetzeko.
Eskerrik asko guztiei lan hau posible egiteagatik,
Kepa Azarloza González