top of page
  • Derandein Fundazioa

“Afrikako ahotsak, begiratu eta ebaluatzen gaituzte” bigarren topaketa

Joan den azaroaren 9an, Afrikako Ahotsen bigarren topaketa ospatu genuen Bilbon, Afrikaren Aldeko Taldearekin (GPA). Derandein Fundazioa lan-sare horretako kide da. Saharaz hegoaldeko Afrikako lankidetza-munduarekin zerikusia duten eragile afrikar profesionalei entzuteko asmoz sortu zen topaketa hau, gure lankidetza-proiektuen eta egungo lankidetza-ereduaren protagonistak diren pertsonak, gizarteak eta erakundeak entzun egin behar direla sinetsita. Horrela, lehen eskutik konta ditzakete gure lankidetza-ereduen eta -tresnen irismena, inpaktua edo zailtasunak beren lurralde eta komunitateetan.

 

Bigarren topaketa honetan, izapidetzen ari den Lankidetzaren Euskal Lege berriaz hitz egin zen. Izan ere, aurreikusita dago 2023ko urtearen amaieran edo 2024an sartuta, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege berria onartzea, aurreko legea, 2007koa, ordezkatuz. Gure lurraldeko lankidetza arlorako oinarrizko araua da hau, beste arau-kidego batzuen oinarri eta gidari izango dena, eta eragina izango duena proiektuak gauzatzen diren lurralde guztietan, hala nola Afrikako lurraldean.


Mahai-inguru moduan aurkeztutako ekitaldi hau euskal erakundeetako eta dagozkien lankidetza-zerbitzu edo sailetako zuzendaritza eta langile teknikoei zuzenduta zegoen. Mahai-ingurua lankidetzaren alorreko adituek eta Euskadiko Lankidetzaren Legearen ezagutza duten pertsonek osatu zuten. Zehazki, Jeanne Rolande Dacougna moderatzaile eta Jolie Mputela, Abdoulaye Gueye eta Toussaint Deguenon hizlari izateko pribilegioa izan genuen. Artikulu osoa Afrikaren Aldeko Taldearen webgunean ikustera animatzen zaitugu, hizlariei buruz gehiago ezagutzeko eta topaketan hitz egindakoaz gehiago jakiteko.  https://grupoproafrica.wordpress.com/2023/11/29/voces-africanas-nos-miran-y-evaluan-2023/


GPA-tik, izugarri eskertzen diegu Jeanne, Jolie, Abdoulaye eta Toussainti parte hartzeagatik eta lekukotasunagatik. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu bilerara hurbildu ziren erakunde publikoetako ordezkariei, elkartrukerako gune aberatsa eta beharrezkoa sortu baitzen, guztien artean lankidetza-politikak eraikitzen jarraitzeko, Euskal Herriko eta Afrikako lankidetza-prozesuetan parte hartzen duten edo interesa duten afrikarren begirada eta errealitatea kontuan hartuta.




bottom of page