top of page
Derandein Fundazioa

Tigrayko testuinguru zaila bake akordioaren ostean

Azken bi urteotan, Etiopiako iparraldean dagoen Tigray eskualdean, gatazka larria bizi izan da Etiopiako gobernuaren eta Tigrayko Herri Askapenerako Frontearen (FLPT) artean. Azken alderdi politiko hau Tigray iparraldeko eskualdeko gobernatzailea da. Krisia 2020ko azaroaren 4an piztu zen eta orduz geroztik hainbat gatazka armatu izan dira, aire erasoak barne, bi bandoen artean. Zifra zehatzak ezagutzen ez badira ere, kalkulatzen da urte hauetan zehar 600.000 borrokalari eta zibil baino gehiago hil direla, gutxienez 60.000 pertsona Sudanen asilo eskatzera behartuak izan direla eta bi milioi pertsona baino gehiago herrialdean barne lekualdatuak izan direla.


Denboraldi horretan, Etiopiako gobernuak Tigray eskualdea erabat blokeatzeko erabakia hartu zuen, errepideak, aireportuak eta bankuak itxiz, telefono lineak eta elektrizitatea moztuz, eta baita prentsa eta erakunde humanitarioen sarbidea guztiz mugatuz ere. Gatazka armatu honen aurretik, Tigrayko egoera zaila zen Eritrearekin bizi izandako gatazkaren ondorioz eta beste faktore batzuen ondorioz, hala nola lehorteek edo baliabide naturalen ustiapen txarrak eragindako elikagaien-segurtasun ezaren tasa altuak. Hala ere, azken bi urteetan bizi izandako gatazka armatuak eskualdeko egoera asko larriagotu egin du.


Bake-negoziazioak 2022ko urriaren 25ean hasi ziren Pretorian (Hegoafrika), hiri honen izena daraman Akordioa lortuz. Akordio horrek honako hauek aurreikusten ditu: liskarrak etetea, arma astunak entregatzea, Tigrayn zerbitzu publikoak berrezartzea, laguntza humanitarioa berraktibatzea eta Etiopiako Defentsa Indar Nazionala Alderdiaren (ENDF) alde borrokatu duten talde armatu eta indar atzerritar guztiak erretiratzea. Etiopiako eta Tigrayko gobernuek 2022ko azaroan bake-akordioa sinatu zutenetik ez da hobekuntza handirik hauteman eskualdean. Egoeraren hobekuntza batzuk eman diren arren, esate baterako, abenduaren 6tik aurrera Tigrayko hiriburuan sare elektriko nazionala berrezarri izana, oraindik ere zeregin asko bete behar dituzte inplikatutako eragile guztiek: talde armatuak ez dira guztiz erretiratu, ez dira gatazka batzuk geldiarazi eta laguntza humanitarioa oraindik ez da nahikoa. Guzti hori oso konplexua den adiskidetze bat suposatzen du.


Testuinguru honetan, eta Apodaka Administraciones S.L-ren laguntzari esker, Wukro hirian eta Kilte Awulaelo auzoan (Tigray) desgaitasun eta mendekotasun handiko adinekoen bizi-baldintzak hobetzen saiatzen jarraitzen dugu, gure kontraparte lokalarekin batera (ECC-SDCOAd-B/WSDP erakundea), bere Laguntza Programa Integralaren bidez. Programa honen helburua da inguruko adineko pertsona ahulenei etxebizitza duina, elikadura eta osasun-laguntza eskaintzea, bai fisikoa zein mentala. Derandein Fundazioan Tigrayn lanean jarraitzen dugu, eta espero dugu bai tigriritarrek eta baita Etiopiako gainerako herritarrek ere ahalik eta lasterren jarraitu ahal izatea beraien bizitzekin modu duin eta baketsu batean.



Comments


bottom of page