top of page
Derandein Fundazioa

Tigray-n egiten dugun lana bake akordioaren ondoren


4 urte pasa dira Tigrayko lurraldean gatazka armatua hasi zenetik, Etiopiako Gobernuaren eta Tigray Herri Askapenerako Frontearen (FLPT) artean. Jakinarazi dizuegunez, lurralde horretako egoera oso poliki hobetzen ari da 2022ko azaroan sinatutako bake akordioaren ostean.


Gaur egun, Tigrayko egoera oso zaila da oraindik. Izan ere, zeregin asko gainditu beharko dituzte inplikatutako eragile desberdinek. Horietako bat da talde armatuak oraindik ez direla Tigrayko lurraldetik guztiz erretiratu. Eskualdearen hegoaldean eta mendebaldean presentzia militar handia dago oraindik, eta baita iparraldean ere, Eritreako armada dagoen tokian. Okupazio militarra duten lurralde horietan, abusuen, lapurreten eta sexu-indarkeriaren kasuak salatzen dira. Eskualdean, laguntza humanitarioa oso urria da oraindik eta ospitaleen egoera larria. Behar diren sendagai gehienak eskuratzea oso zaila edo ezinezkoa da, eta, gainera, gatazkaren ondorioz, ospitaleetako ekipamendu eta altzari gehienak kaltetuta daude.


Konpondu beharreko beste arazo nagusietariko bat gatazka armatuan parte hartu duten gazteekin eta haien birgizarteratzearekin lotuta dago. Haien herrietara eta etxeetara itzultzean, horietako asko suntsituta, ez dute inolako laguntzarik izan, ez materialik ezta psikologikorik ere. Tigrayko zenbait tokitan gero eta ohikoagoa da gazte hauek lapurretan eta estortsioetan aritzea biziraun ahal izateko. Era berean, nabarmendu behar da oinarrizko produktuen prezioak, hala nola elikagaiak eta sendagaiak, igo egin direla eskasia dela eta. Prezioen gorakada hain handia izan da non eskualdeko familia askorentzat ezinezkoa den oinarrizko produktu horiek eskuratzea.


Testuinguru horretan, aipatzekoa da Etiopian ez dagoela pentsio-sistemarik, eta diru-sarreren iturri bakarrak lanari oso lotuta daudela. Hori dela eta, jada lan egin ezin duten adinekoak edo desgaitasunaren bat duten pertsonak babesik gabe geratzen dira. Egoera hori are konplexuago bilakatu egin da gatazka-egoeraren ondorioz; izan ere, bizi-baldintzek okerrera egin dute eta gero eta zailagoa da oinarrizko zerbitzuak eta produktuak eskuratzea.


Apodaka Administraciones S.L. eta Albertia Servicios Sociosanitarios-en laguntzari esker, Derandein Fundaziotik gure tokiko ECC-SDCOAd-B/WSDP kontraparteak adinekoen kolektiboaren alde egiten duen lana babesten jarraitzen dugu, Wukro hirian eta Kilte Awulaelo barrutian. Gauzatzen duten Laguntza Integraleko Programaren bidez, etxebizitza duin bat, elikadura eta osasun-laguntza (fisikoa zein mentala) eskuratzeko aukera ematen zaie inguruko adineko ahulenei.

Comments


bottom of page