top of page
Derandein Fundazioa

Tanzanian eta Kongoko Errepublika Demokratikoan ditugun proiektuak bisitatu ditugu

COVID-19ak suposatu duen osasun krisiaren ondorioz azken bi urteotan ez dugu gauzatzen ari garen proiektuak bisitzateko aukerarik izan. Joan den azaroan berriz, Tanzaniara eta Kongoko Errepublika Demokratikora joan ginen hango hiru erakunde bisitatzera eta elkarrekin lantzen ari garen proiektuen egoera ezagutzera.


Tanzanian, alde batetik, Mwema Street Children Center Karatu (MSCCK) erakundearekin elkartzeko aukera izan genuen. Erakunde honek hainbat proiektu eta jarduera egiten ditu kaleko haurren eskubideen alde, Karatu hirian, Arushako barrutian. Azken urteotan hainbat proiektu gauzatu ditugu MSCCKren taldearekin batera, eta lortzen ari diren emaitza onak eta kale egoeran dauden umeen bizi baldintzak hobetzen ari direla ikusteak izugarri poztu gintuen. Bidaia honetan, MWEMA zentroa bisitatzeko aukera izan genuen, non gero eta haur gehiago bizi eta ikasten duten, eta zenbait bilera izan genituen agintari politiko-instituzionalekin eta MSCCK taldearekin, kalean dauden haurren errealitatea hobeto ulertzeko eta etorkizunean elkarrekin egingo ditugun proiektuei buruz hitz egiteko.


Beste aldetik, Tanzanian ere, Mwanza hirira bidaiatu genuen Enhancing Access to Health for Poverty Reduction in Tanzania (EAHP Tanzania) erakunderakin biltzeko; Derandein Fundaziorekin lan egiten duen tokiko erakunde garrantzitsuenetariko bat. Gure egonaldian, genero-berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloan orain arte egindako proiektuen emaitza onak ezagutzeko aukera izan genuen. Era berean, hainbat kolektibo ezberdinekin bilerak izan genituen eta baita zenbait agintari politiko-instituzionalekin ere (tokikoak eta eskualdekoak). Bilera hauetan arlo guztietan gertatzen den genero-berdintasunari buruzko egiturazko arazoari buruz hitz egin genuen. Era berean, egindako proiektuetan parte hartu zuten emakume-talde batzuekin hitz egiteko aukera izan genuen eta EAHP Tanzania tokiko erakundearekin batera egindako ekintzen eragina ezagutu genuen. EAHP Tanzania taldearekin egindako bilerak etorkizuneko proiektuetan jorratuko ditugun lan ildo berriak aztertzen ere lagundu zigun.


Azkenik, Kongoko Errepublika Demokratikoko Kinshasako erakundea “Trabajando por el Corazón de África (TRACAF)” bisitatu genuen. Derandein Fundazioak TRACAF tokiko erakundearekin egiten du lan hiru lan-eremutan eta hiru toki ezberdineta, guztiak Kingabwa auzoan bertan. Hauek dira: Colegio Nuestra Señora de Covadonga - Kepa Azarloza eskola; SHIMA osasun-zentroa; eta emakume eta neskato “sorginen” lanbide-heziketako zentroa. Kinshasan, hainbat kolektibo eta erakunderekin bildu ginen eta baita agintari politiko-instituzionalekin, gazte-kolektiboekin, irakasleekin eta osasun-langileekin ere, hiri-testuinguru konplexua hobeto ulertzeko eta, modu horretan, Kingabwa auzoaren beharretara egokitutako proiektuak formulatu ahal izateko.


Derandein Fundaziotik eskerrak eman nahi dizkiegu bisitatu genituen hiru erakunde hauei oso lanpetuta egon arren, gu jasotzeko denbora ateratzeagatik, hain harrera atsegina egiteagatik eta bidain zehar gurekin egindako lanagatik. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu horiek gauzatzen laguntzen diguten erakunde publiko zein pribatu guztiei.


Eskerrik asko eta hurrengora arte!





Comments


bottom of page