Munduko per capita errentarik txikiena eta giza garapenaren indizerik baxuena duen herrialdeetako bat da Etiopia. Horren ondorioz, pobrezia-egoerak orokortuta daude han. Gainera, gatazka armatuko egoeran dago Tigray gaur egun, eta, beraz, egoera are zailagoa da eskualde horretan. Tigrayn azken urteotan garatu diren oinarrizko azpiegitura eta zerbitzu asko suntsituta daude, edo arpilatu egin dituzte. Eskualde horretan, gainera, elikagaien segurtasunik eza oso handia da, lurraren produktibitatea oso txikia baita berez, zenbait faktoreren ondorioz, hala nola lehorteen eta baliabide naturalen ustiapen txarraren ondorioz. Horrek lurra asko higatzea eragiten du, eta, beraz, areagotu egiten du eskualdea hondatzen ari diren lehorteen inpaktu ikaragarria.
Testuinguru horretan, adineko asko pobrezia kronikoko egoeran bizi dira, eta lehorteek eta herrialdeko baldintzek okerragotu egiten dute haien bizimodua. Gero eta zailagoa da diru-sarrera egonkorrak izatea eta merkatuetan produktuak eta elikagaiak aurkitzea pentsio-sistemarik ez duen herrialde batean, eta diru-sarrera bakarrak lanari hertsiki lotuta daude. Horrenbestez, lan egin ezin duten adinekoak edo desgaitasunen edo ezintasunen bat duten pertsonak babesik gabe geratzen dira. Wukroko Laguntza Integraleko Programak, ECC-SDCOAd-B/WSDP gure bazkidearenak, hainbat gizarte-proiektu garatzen ditu Kilte Awulaelo administrazio-barrutian eta Tigrayko Wukro hirian, hain gizarte-egoera ahulean dagoen kolektibo horri laguntze aldera.
Albertia Zerbitzu Soziosanitarioek finantzatuta, Tigray eskualdean zaurgarritasun handiko egoeran dauden adinekoen (desgaitasunak dituzten, mendekotasun handia duten eta baliabiderik ez duten adinekoen) bizi-baldintzak hobetzen saiatuko da ECC-SDCOAd-B/WSDP erakundea. Bereziki, oinarrizko eskubideak bermatu nahi ditu Wukro hiriko eta Kilte Awulaelo barrutiko talderik zaurgarrienen artean, hala nola osasun fisikoa eta mentala, elikadura eta etxebizitza. Hain zuzen, gaixotasun fisikoak eta mentalak dituzten 235 adinekorentzat izango da onuragarria proiektua.
コメント