top of page

Amaren eta haurren osasuna indartzen Kokuselein (Turkana Iparraldea, Kenya)

  • Writer: Derandein Fundazioa
    Derandein Fundazioa
  • Apr 23
  • 1 min read

Santurtziko Udalaren, Derandein Fundazioaren eta San Pablo Apostoluaren Misiolari Komunitatearen (MCSPA) laguntzarekin "Kokuselei eskualdean (Turkana iparraldea, Kenya) amaren eta haurren osasuna zaintzeko gaitasun komunitarioak sendotzea" proiektua egin dute, osasun-zerbitzuetarako sarbidea hobetzeko eta osasuna zaintzeko oinarrizko praktikak sustatzeko.


Horretarako, Osasun Unitate Mugikorra (OUM) indartu zen. Alde batetik, bere funtzionamendua hobetzeko beharrezkoak ziren inputak eta ekipoak eskuratuz, besteak beste esku-ohea, pediatriako eta helduen baskulak, bionboa, koltxoneta medikoa, mahai eta aulki tolesgarriak eta abar. Beste aldetik, komunitateko 24 osasun-sustatzaileren lana babestu zen, lanparak, telefono mugikorrak eta eguzki-kargagailuak hornituz. Baliabide horiek funtsezkoak dira elektrizitaterako sarbide mugatua duen eskualde batean, larrialdietan komunikazioa eta arreta erraztuz.


Aldi berean, sustatzaileei eta komunitateari zuzendutako prestakuntza-prozesuak garatu ziren, funtsezko gaiak jorratuz, hala nola haurdun dauden emakumeen osasunaren prebentzioa eta sustapena, arrisku seinaleen identifikazioa, haurdunaldiaren aurreko eta haurdunaldiko arrisku-faktoreak, elikadura egokia, erditu aurreko eta ondorengo higienea, jaioberriaren zaintza, amagandiko edoskitzea, eta txertaketa-egutegiaren jarraipena.


Bi erizainek, bi erizain-laguntzailek eta koordinatzaile batek osatutako OUMko osasun-taldeak bisitak egin zituen hilero Kokuselei eskualdeko 12 komunitatetan. Bisita bakoitzean, oinarrizko osasun-laguntza eman zitzaien haurdun dauden emakumeei, erditu duten emakumeei eta sei urtetik beherako haurrei. Hilean, gutxi gorabehera, 912 emakumek eta 1.010 haurrek parte hartu zuten, batez beste.


Taldeak arreta berezia jarri zuen haurren hazkuntzan izandako atzerapen kasuen detekzioan eta jarraipenean, bai eta amagandiko edoskitzea eta amaren eta haurren osasunerako funtsezkoak diren beste praktika batzuk sustatzean ere.


MSCPAk sentsibilizazio eta hezkuntza osasunarekin zerikusia duen jarduerak garatzen ditu kalteberatasun egoeran dauden herritarrei zuzenduta, gaixotasunen prebentzioari buruzko ezagutzak indartzeko eta osasuna zaintzeko oinarrizko ohiturak sustatzeko.


Proiektu hau aurrerapen nabarmena da osasunaren alorreko gaitasun komunitarioak indartzeko, Kokuselei eskualdeko emakumeen eta haurren bizi-kalitatea hobetzen lagunduz.

Comments


bottom of page